Motorrero makarrari

Dutxatu ondoren ikusi dut sakelekoan Villabonako txirrindulari bi akatu dituela kotxea mozkor-mozkor eginda gidatzen zuen gizonezkoak. Hildako bikotearen 12 urteko semea ezpondan zaurituta utzi eta ihes egin du morroiak. Kotxeak asegururik ez.

Segituan zurekin gogoratu naiz, zorigaiztoko berria irakurri baino lehen, ordubete apenas, bizikletan nindoala zure motor zaratatsuarekin ziztu bizian aurreratu didazun mukizu horrekin. 50 metrotan, dozena bat arau apurtuko zenituen: kontrako erreitik zentorrela, nire muturren aurrean ezkerrera biratu duzu; nire atzetik atera eta pega-pega eginda aurreratu nauzu; aurreko kotxea aurreratu duzu kontran inor datorren ikusten ez den lekuan eta azkenik, zaratari amaiera emateko, derrapea ezkerrera eta kale bazterrean zeuden kide batzukin “jugada” komentatzera gelditu zara.

17 urte bueltan izango dituzu. Balentria latza zurea! 50 metro eskasetan bata eta bestearen segurtasuna arriskuan jarri eta Elorrioko kaleak zure motor zarraren burrumbarekin estali dituzu. Zuri so gelditu naiz baina ez duzu kaskoaren lente ilunen atzetik ezer ere ikusten. Eta seguruenik ez duzu ezer ikusi nahi.

Diru apur bat egiten duzunean zuk buruan dituzun neuronak baino zaldi gehiago dituen kotxea erosiko duzu. Ikusten zaitut Miotan gora eta behera, dena ematen, goma erretzen. Nork salbatuko gaitu? zerk sartuko du zentzu apur bat zure buruan? heziketak kale egin duela dirudi. Isunek?

Horrelako zerbait ikusi eta txintik esan gabe geratzen garenok ere badugu zereginik. Makarra horrek entzun beharko lituzke bere bizilagunen ahotik lau hitz. Badugu indarra egiteko aukera, zenbait jokabide zuzentzeko aukera. Errazena delegatzea: izan daitezela irakasle, udaltzain, ertzain edo epaileak gure hezitzaile, gidari eta zigortzaile.

Elorriotik irten gabe, San agustinen, aurretik zijoan ziklistak gorri zegoen semaforoari jaramonik ez eta aurrera egin du. Semaforoak baimena eman didanean bera harrapatzen saiatu naiz zerbait esateko: alperrik dela besteei arauen errespetatzea eskatzea norberak errespetatzen ez dituenean. Ni baino freskoago zegoen nonbait eta ihes egin dit.

Sinestua nago lege eta zaintzaileak behar-beharrezkoak direla, baina herrikide eta gizarte bezala ere badugula gure zeregina, “pasatzen” denak ere entzun behar dituela gure kexuak, horrek ere laguntzen duela gure gizartearen kalitate mailan gora egiten. Asko ez dela itzelak entzuten genituen kalean biraoren bat bota edo okerkeriren bat egiten inork harrapatuz gero; auzokide eta herritarrak ere hezitzaile genituen.

Motorrero makarra hori hiltzaile bihurtu aurretik, egin dezagun gure esku dagoena.

Advertisements

Hitz-porka

Luze eman dugu andrearen azalpenak entzuten. Sanblasetan bertako ekoizleei zenbait gauza erosteko ohitura dugu: ogia, eztia, euskal pastela edo sagarrak. Oraingoan erosi eta entzun; hau eta beste, hemengoak eta hangoak. Noizbait alde egin dugunean alabari esan diot: nolako hitz-porka!

 

maiz_roundup_ready_1

Honek zer esan nahi duen azaldu beharean aurkitu naiz. Etxarrin erabiltzen den esamoldea da, Durangaldean entzun izan dudan berbalapikoaren parekoa. Hitz-porkak hitzak porkan lotzen ditu, trentza amaitezinean, porkan, arto siku edo baratzuriak lotzen diren moduan.

Burua artaporketan nuela, aittune (aitona) ikusi dut, Juan Martin. Jakaneko estarbian (ikuiluan) jarrita, jarleku baju batean, artoz inguraturik. Artaburuak eskuetan dituela, esku handi haietan, bata besterakin lotzen.
Horrela lotu zaizkit niri entzun ez ditudan hitzak, amaren jeitetxe (jaiotetxea) hura eta aspaldi joan zitzaigun aittune; oroitzapen-porkan.

Argazkiko boskotea

Gasteizko Media 2017

Edozein lasterketan ateratako argazki bat izan daiteke. Berrogei urteko langa gainditu eta krisiak jota, malla eta likra koloretsuak soinean, korrikan egiteari eman dioten bost morroiren argazkia.

Gasteizen abenduan burutzen den maratoi erdian ateratako argazkia da. Txiripaz batu gara hor agertzen garenok, lasterketa aurretik inguruko kafetegi batean topo eginda.

Berezia da niretzat argazki hau, agertzen diren batzuk ikusi gabe urteak direlako, eta beste batzuekin, Gasteizko hitzorduan bakarrik egoten naizelako. Beste berezitasun bat ere badu argazkiak: bizi izan ditudan sasoi eta leku ezberdinekin erlazionatutako pertsonak ageri dira bertan.
Altsasun hasiko gara, Iñigo Aritza Ikastolan. Bertan egin nintuen hainbat urte Aitorrekin. Ordukoak dira lehen ikastolen kontuak, lehen Nafarroa Oinezak eta hainbat irakasle bikain. Altsasuko ikastolatik, aldamenean dagoen institutora, lehen San Migel izena zuenera. Bertan ezagutu nituen Unai eta Felipe. Ordukoak lehen parrandak, grebak, metro erdiko bokadilloak…
Altsasutik Arrasatera: Mondragon Unibertsitatera. Bertan, pisukide izan nue Felipe. Berari zor diot lehen urtea garbi ateratzea. Bertan ezagutu nuen Maite eta Maitek eraman ninduen (esaterik badago) Durangaldera.

Aipatuko dudan azken laguna Javi da, Durangarra berau. Bera izaten dut lagun zenbait kirol probatan. Irteera lerroan bakarrik ikusten dut, segituan atzean uzten bai nau.

Lau lagun, hainbat leku eta beste hainbat sasoi. Lauroi besarkada bat.

Lanerako bidekoak.

Lanera bidean autopista Gerediagan hartu eta Ermuan uzten dut. 49 zentimo. 640 errepidean Ermuatik Elgoibarera. Gerediagatik Elgoibarrera oso osorik autopistaz egingo banu 2.45€.

HighwayHell

Goazen matematika apur batekin… lanera bidean autopista soilik erabiliko banu: egunean 4.9€, astean 24.5€ eta hilabetean 110€ inguruko broma. Entzungo zenituzten irratian gure foru aldundien iragarkiak, nolako deskontu moloiak ditugun lau haizetara zabalduz. Bizkaitarrok, gure lurralde historikoan, hilabetero 30€ ordaintzen ditugu gehienez, eta aldameko lurretan sartzen bagara, urtarriletik aurrera, aurreko 30 euroei, beste 45€ gehitu beharko dizkiegu gehienez (beti ere, bi lurraldeen artean egiten diren bidaietarako). Tatxan! 75€ “bakarrik” hilabetean.

Eskerrik asko Ahaldun Nagusiok! nik 640 errepidean atzera eta aurrera jarraituko dut. Pena bat dut baina: Euskadi Irratian Atxagak astelehenetan izaten duen saioa ezin izaten dut osorik entzun; Eibarko saiesbideko lau tunelek Bernandoren hitzak irensten baitituzte. Nahiago nuke zuen “bien común”, ” auzolana”, “aurrera doan herria” eta enparauak irentsiko balituzte.

Duatloia bigarrena. Altsasun.

Lehendabizikoa ez bezala, oraingoan etxean jokatzen dut, Nafarroan, Altsasun; Ikastola eta institutu garaiak eman nituen herrian. Ez dakit etxean jokatzeak inongo abantailik ematen duen; toponimoak ezagutzea akaso: Zelandi, Basomutur, Sanpedro… Bazkal osteko solasaldian abantaila litzateke gure aitaren aurrean, baina likraz jantzitako gizaseme hauen aurrean, hutsala.

Semea eta biok arituko gara. Bezperan trepetxuak prestatuta, lasai abiatu gara Altsasu aldera. Lasaiegi. Dortsalak jasotzen ginela, morroi batek esan digu 5 minutu barru itxiko direla boxeak, duatloiaren erdigunea, dena hasi eta amaitzen den gune sakrosantua. Ziztu bizian bertara joan, sarrerako azterketa zorrotzak gainditu (karneta ahoan, kaskoa buruan, bizikleta eskuan), eta barrura.

IMG_1218

Semea eta biok. Eskuturrean: adreilua (ikus aurrerago)

Duatloiaren lehen sektorea hasi orduko (5km lasterrean), apur bat berotzeari ekin diogu. Kaka! – esan diot nire buruari – bizikletaren ur-potoa hutsik dut eta maletan bezperan sartutako gel-super-bizkortzailea hor gelditu da; maletan. Hurrengo baterako nota mentala: trepetxuen zerrenda egiteaz gain, trantsizio gunean (boxetan) txekeatu beharreko gauzen zerrenda ere egin beharra dut.

Foru plazan kokatua dagoen irteera gunera joan, pelotoiaren atzean kokatu eta pum! martxan gara. Sanpedroko bidean aurrera, “Si vamos a 4:30 y vamos los últimos” dio ondokoak.

Noizbait lehen atal hau amaituta, boxetan sartu, bizikletan aritzeko oinetakoak jarri, eta kaskoa buruan, hasi dut bizikleta tartea. Eta oraingoan… tatxan! ez dut ahaztu eskuturreko GPS gauila den Garmin 310-XT adreiluan (kolore eta formaz adreilua), klik egin eta korrikaldiaren amaiera / bizikleta atal hasiera markatzea. Puxtarria Anderrentzat!

Bizikletan azkena (edo) irtenda, ziklista bakar batzuk aurreratu ditut Altsasuko portuaren lehen aldapetan; Artean, bizikleta etzan batean eskuen indarrez aurrera egiten duen kirolaria. Animoak eman dizkiot pasatu dudanean, esfortzua, inork egitekoan, berak.

Portua jaitsita, Otzaurte aldera bideratuta, atzean gazte bat pega-pega eginda daramat. Inoiz suak hartuta aurre hartzen dit baina metro gutxi barru, nik harrapatu eta kortan kokatzen da berriz ere. En pin.

Bizikleta utzi, eskuturreko GPSari klik-eta-klik egin eta lasterrean berriz. Kaka! eskuturrekoak dio “Zorionak, amaitu duzu ibilbidea!” eta nik 2.5 kilometro aurretik, grabatuko ez diren 2.5 kilometro!!!!!. Inoiz etxetik entrenatzen atera eta eskuturrekoa ahaztu duenak jakingo du nolako sentsazioa den, grabatu/gordetzen dena ez da existitzen; leher eginda etxeratu bazara ere, ez duzu ezer egin, ez baita sufrikarioaren froga bakarra ere.

Bidegurutzeak zaintzen dituztenak -asko- joanda daude eta bakardadean noa aurrera. Basomuturren, bidea zaintzen gelditzen den mutil jatorrak ozen esan dit “Esos Veterano!!! venga, que te espera una cerveza!”. Eta irriparrea ahoan dudala, sartu naiz helmugan.

Beste bat zakura. Antolakuntzak prestatutako salda eskutan, semearekin “jugada” komentatu eta dutxatu ondoren bai, garagardoa.

Duatloia, lehendabizikoa

Gehiegi pentsatu gabe eman nuen izena Mungiako IX. Duatloian. Semearekin inongo probatara joatea tokatzen zait, eta honako honetan erabaki nuen nik ere parte hartuko nuela, esan bezala, gehiegi pentsatu gabe. Bezperan egiten diren asmoen moduan… “bihar goizeko seitan altxatu eta lasterrean irtengo naiz”, edo “goizetik bizikletan hartu eta inor ohetik altxatzeko etxean naiz bueltan”. Iratzargailuak jotzen du eta asmoak izara azpian lokartzen dira. Baina, amigo! izena eman, ordaindu eta ingurukoei berria eman ondoren… hor ez dago izara azpian gelditzerik. Beraz, bizikleta, zapatila eta enparauak hartuta, Mungiara.

Eguraldi ederra; Dortsala jasotzera hurbildu naiz, eta bertan, lagun batek zera bota dit: “animatu zara eh!”… baina gehiago iruditu zait hau galdetzen zuela “zuk badakizu non arraio sartu zaren?”. Espikerra ere jo-eta-su bere mezuak botatzen: lasterrean egiten diren lehen bost kilometroak 25 minututan osatu behar direla, bizikleta hartu eta 10 kilometroko zirkuituan eman beharreko bi bueltetan, doblatua den kirolari gajoak karrera utzi beharko duela…
Arineketan dabilenak ondo daki kilometroa osatzeko, 5 minutu edo 4 minutu eta 50 segundo ez dela berdina, segundo gutxi horien atzean ahalegin eta neke handia dagoela, eta nik jakin badakit nire martxa “normala” bost minututik gora dagoela. Nire buruari esan diot, lehenik eta behin lasterketarekin saiatuko naizela, gero gerokoak.

Giharrak berotzeko saltaka apur bat egin, eta irteera lerrora urbildu naiz, atzera; Itxuraz nire pareko diren kirolariak lokalizatu nahi izan ditut; ez dago aukera handirik baina, bigarren eskuko seizientos baten gisa sentitzen da bat hainbeste Ferrari artean.
Tiroa entzun, eskuturreko ordularian “start” sakatu eta abiatu gara lasterrean, bi kilometro eta erdiko zirkuituari buelta bi aurretik. Segituan nire pareko abiaduran dabilen morroi baten ondoan jarri eta apurka-apurka aurrera egin dugu, nire lasaitasunerako, 4:30ko erritmoan, 5 min/kilometroa langa azpitik. Ez da nire erritmo “naturala” baina horrela irauteko moduan izango naizela iritzita, aurrera.

mungia

 

Bizikleta hartzera gerturatzean, “misión cumplida” esan diot nire lasterketa kideari. Orain bigarren urratsa. Zapatilak kendu, bizikletako oinetakoak jantzi, kaskoa buruan eta bizikleta eskutan, 20 kilometro aurretik. Familia eta lagunen animoak lagun, buruan mantra berria instalatu (ez nazatela doblatu), eta aurrera. Aurretik zihoan kirolari bat harrapatu dudanean pentsatu dut nire “Alan” bizikleta zaharrak oraindik ere baduela zer esanik. Biko taldea segituan bihurtu da laukoa, eta taldekide animoso baten gidaritzapean (VAMOS, VAMOS, VAMOS, A POR ESE DE DELANTE!!!!!), hor joan gara, erreleboak emanez eta aurretik ikusten genituenak harrapatu nahian, topera. Lehen buelta amaituta, bigarrenari ekin diot, oraingoan ere lagun eta familiaren animoz hauspotuta. Eta horrela, aurreko kidearen gurpilean begiak iltzatuta, amaitu dugu bizikleta tartea. Ni bizikleta uzten eta jada lasterketa amaitua duten hainbat kirolari ikusi ditut helmugan.

Lagun batek esan dit transizio-denborak hobetu beharko ditudala, baina aizu… arnas apur bat hartzeko ere balio du bizikleta utzi eta berriz ere zapatilak lasai lotzeak…
Eta oraingoan, lasterrean hastean, iruditu zait zangoen ordez harri pisu bi ditudala gerripean, saltaka baino oinez noala, eta hemen, bizikleta grupetako kideak aurrea hartu didate. Apurka bada ere, lehen jaitsieran hankak apur bat bere onera etorri eta ttipili-ttapala, zirkuituaren kilometro bi eta erdiak osatuz, meta orduko seme txikia ikusi dut nire esperoan, eta ziztu bizian abiatu da bere anai-arreba eta amari aita badatorrela esatera. Eskua eman eta gustura sartuko nuke nirekin helmugan, galazota dago baina; Inori enbarazu egin ezean, ez dut debeku honen arrazoia ulertzen.
Karrera amaituta, pozik alajaina! segundo gutxi batzuk dira, hainbeste jende artean bakarrik zaudela, zure pausuak jan-edana eskaintzen den gunera bideratuak dituzula, arnasa bere onera datorrela… eta halako “lortu dut” intimo bat sentitzen duzu barru-barruan.
Gero, zerbait edan, dutxatu, garagardo bat, eta buelta etxera. Sailkapenean, azken aurrekoa, ordu bat, hamazazpi minutu eta segundo bi. Ole!

Maite, Eneko, Malen eta Igorri eskainia. Eskerrik asko familia!

Erregeak Zelaietan gelditu ez zirenekoa

Odol emaileen autobusean nengoen, errege magoak Txanportara heldu zirenean. Autobusetik atera orduko, errege, karroza eta enparauak joanak ziren. Gure txikiak esan zidan geldialdirik ere ez zutela egin eta mutikotxoa eskutik oratua zuen emakumeak erantsi zuen antolaketaren kide baten ahotik entzun zuela aurten ez zela Txanportan geldialdirik egingo.

Abadiñon, auzoz-auzo ibiltzen dira erregeak eta orain arte, Zelaietan osteratxoa egin ondoren, Matienan amaitzen da erregeen jira-bira. Pentsatu nuen, izan zitekeela Matienako talde antolatzaileak aurreko urtean harrera onik ez sumatzea Zelaietan – Gure auzoan entzun izan dut errege kabalgata baino, badirudiela Tenerifeko inauteria, bere majorette, dantza, koreografia eta guzti-. Agian, Olentzerok Matienako kale edo geldialdiren bat ahaztu eta odolkiak jaso ditugu ordainetan. Izan daiteke arrazoi teknikoren bat egotea, baina hemen, Abadiñon, gehienok ere gertatzen diren gauzak azaltzeko beti erabiltzen ditugu auzo arteko ezin-ikusiak, alderdikeriak eta udaletxeak auzo bat edo beste lehenestea bertatik jasotzen dituen bozken arabera.

Nagusiok kalapitan gabiltzala, ea nork azaltzen dion eskutik oratuta zegoen mutikoari zergatik ez duen aurten bere errege kutuna taxuz agurtzeko aukerarik izan.